XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Asmo hori zen gorago ere esan dugu ezagutzaren arazoarentzat irtenbide bat aurkitzea biologiaren ikuspegitik. Hona nola dioen berak bere autobiografian: ...pentsamenduaren arazoari oro har heldu eta epistemologia psikologiko eta biologiko bat eraiki.

Beraz, lehen haurtzaroari eskaini zizkion liburuen helburua, eta hemen kontuan dugun liburu honena ere bai noski, pentsamendua bera nola garatzen den modu enpirikoan ikertzea zen. Liburu hau, hortaz, trilogia osatzen duten beste biak bezalaxe, ikuspegi horretatik irakur daiteke. Alde horretatik, irakurleak Piageten behaketa eta esperimentuetan eta horietatik ateratzen dituen ondorioetan jarriko du arreta. Atal honen aurreko puntuan liburuan aurki daitekeena laburtzen saiatzean, irakurketa hau ari ginen bideratzen.

Bada, ordea, liburua irakurtzeko beste modu bat ere, benetan interesgarria. Gratch eta Schatz (1987, 1988a, b) irakasleek proposatzen digute irakurtzeko modu hau. Liburua, hemen, egileak hura moldatzeko bidean bizi izandako prozesua ezagutzeko irakurtzen da, haren mamiaz jabetzeko baino gehiago. Piageten haurrak noiz jaio ziren esan dugu: zaharrena, Jacqueline, 1925ean, bigarrena, Lucienne, 1927an, eta gelditzen dena, Laurent, 1931n.

Liburuan eskaintzen diren behaketak hiru haur hauen aurreneko bi urteetan eginak dira. Jacqueline jaio zenetik Laurentek bi urte bete zituen arte zortzi bat urte igaro ziren. Bitarte horretan aldakuntzarik gertatu ote zen Piagetengan? Arreta erreakzio eta jokabide beretan jartzen al zuen beti? Haur batetik bestera ez al zen ezer aldatu, behatutako zerei dagokienez? Gisa honetako galderak dira Gratch eta Schatz-ek egiten dituztenak, eta horiei erantzuten saiatzen dira arestian aipatu ditugun lanetan.

Eta zer aurkitu dute Gratch eta Schatz-ek? Bada, hauxe: batetik, Piagetentzat bere intuizioak lehen haurtzaroaren testuinguruan oinarritzea lan gaitz eta luzea izan zela eta, bestetik, prozesu horretan Piageten intuizioak berak ere aldatu egin zirela neurri batean behintzat. Gure liburuari dagokionez, hiru dira adierazpen horiek egiteko dauzkaten arrazoi nagusiak.